Industriak uretara isurtzen dituen kutsatzaileak murriztea da EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaile-talde baten helburua. Izan ere, hondakin organiko gehienak biodegradagarriak dira, baina plastikoak, koloratzaileak eta detergenteak ezin dira berez degradatu, eta horrek ura baliabide gisa erabiltzea eragozten du.
Energiaren eta Ingurumenaren Ingeniaritza Kimikoko Taldeak uretara isuritako substantziak ezabatzen ditu, oxidazio aurreratua deritzan prozesuaren bidez, hau da, konposatu kimikoak oxidatzen dituzte, uretan 'erre' egingo balituzte bezala. Horretarako, ozonoaz (O3) eta hidrogeno peroxidoaz (H2O2) baliatzen dira. Haien abantaila handiena da molekula 'garbiak' direla; kloroa eta halako beste substantzia batzuk ez bezala, desagertu egiten dira oxidazio-funtzioa amaitu ondoren. Prozesu kimiko horri esker, uretako kutsatzaileak murriztu egiten dira, beren kabuz degradatzeraino edo, behintzat, ohiko sistemen bidez tratatu ahal izateraino.