Gizaki modernoa duela 58.000 urte inguru Afrikatik atera zenean, tresnak eta armak ez ezik, Helicobacter pylori bakterioa ere eraman zuen berekin. Nature aldizkarian argitaratutako lan batean, bakterioaren hedapena eta eboluzioa aztertu dute, eta ondorioztatu dute datuak bat datozela Out of Africa edo "Afrikatik kanpora" teoriarekin. Bi hitzetan, gaur egungo gizakia Afrika ekialdetik atera eta hedatutako giza taldeen ondorengoa dela esaten du teoria horrek.
Ondorio horretara iristeko, Max-Plank Institutuko mikrobiologoek, 1999tik, bakterioaren laginak jaso dituzte mundu osoan zehar, endoskopia bidez, eta gero laborategian hazi dituzte. Guztira, 51 talde etnikoren 532 andui lortu dituzte.
Anduien sekuentzia genetikoa pertsonen jatorriarekin erlazionatu dute, eta frogatu dute zenbat eta hurbilago egon pertsonaren jatorria Afrika ekialdetik orduan eta andui gutxiago daudela, eta alderantziz. Hortaz, badirudi gizakia munduan hedatu ahala gertatu zirela mutazioak bakterioaren genoman, eta, hala, andui-kopurua handitzen joan zela Afrikatik urruntzearekin batera.