Uraren misterioak

Italia eta Britainia Haundiko zientzilari-talde batek dioenez, uraren egitura gobernatzen duten indar mikroskopikoez argitu gabeko puntuak badira oraindik. Britainia Haundiko Rutherford Appleton laborategian neutroi-difrakzioz uraren erradiografia egin dute. Ura egoera superkritikoan (hau da, likido- edo lurrin-egoeraren artean bereizketarik ez dagoenean) erabili dute eta helburua honakoa izan da: uraren gaur egungo ereduak 300 eta 400 ºC bitarteko tenperaturetan dituen ezaugarriak argitzeko gauza diren ala ez jakitea.

Uraren egitura gobernatzen duten indar mikroskopikoez argitu gabeko puntuak badira oraindik.

Neutroi-difrakzioaren bidez, hidrogeno- eta oxigeno-atomoak elkarrengandik zein distantziatara dauden ikusten da. Egoera superkritikoan, giro-tenperaturan bezalaxe, H2O molekularen egitura ia ez da aldatzen eta O-H eta H-H arteko distantziak hurrenez hurren 1 eta 1,55 angstromgoak dira.

Molekulek elkarrekiko duten posizioa ordea, aldatu egiten da. Giro-tenperaturan izan ere, ezaugarri nagusia oxigenoaren eta ondoz ondoko bi molekuletako hidrogeno baten arteko lotura kimikoa da. “Hidrogeno lotura” deitzen zaion honek, bi atomoak 1,9 angstromgo distantziara mantentzen ditu. Baina tenperatura 300-400 ºC bitartekoa denean, neutroi-difrakzioak adierazten duenez distantzia hori aldatu egiten da, nahiz eta molekulen agitazio termikoa “hidrogeno lotura” hori hausteko nahikoa izan ez.

Normalean urari buruzko ereduek ez dute tenperaturaren arabera atomo arteko distantziak zehazteko balio. Beraz, egia da bizia sortu eta garatu deneko ura alderdi askotatik begiratuta fluido bitxia dela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila