Frantziako Elf petrolio-konpainiak ibilgailuentzako erregai berria prestatu du: 5 neurri gasoil gehi neurri bat ur. Aquazole deituko diote eta ohizko gasolioa baino ekologikoagoa da: partikulen emisioa % 50 gutxiagotzen du eta % 30 nitrogeno-oxidoena. Desabantailak ere baditu, ordea: % 3-5 bitarteko potentzi galera eta % 10 garestiago izatea.
Ura duen erregaiaren historia zaharra da eta 1911rako jada horren berri bazen. Hogei urte geroago 400 bat patente bazeuden, baina horietako batek berak ere ez zuen arazo nagusia konpontzen: ura eta gasolioaren osagarrien nahastezintasuna. Elf-ek emultsifikatzaile organiko bat erabiliz konpondu du auzia. Emultsifikatzaileari esker lau hilabetez da nahastea egonkorra.
Erregai hori erabilita 200.000 km-tik gora egin dituzte hainbat ibilgailuk eta ez da arazo mekaniko berezirik sortu ez motorean ezta elementu periferikoetan ere. Urritik aurrera Chambéry-ko (Savoia) 35 bat hiri-autobusek Aquazolea erabiliko dute erregaiaren homologazioa eskuratzeko saioen barnean. Hasieran, antza, garraio publikoko ibilgailuek eta kamioiek bakarrik erabiliko dute erregai berri hau.