Kaliforniako Unibertsitateko eta Torontoko Unibertsitateko hainbat biologok tomate landare bati Arabidopsis landarearen gene bat gehitu diote, ur gazitan haz dadin ahalbidetzeko. Aldaketa genetikoaren ondoren, tomate-landareak proteina garraiatzaile asko sortzen ditu.
Proteina horien eginbeharra zeluletako energia sodio ioiak zitoplasmako bakuoletara eramateko erabiltzea da. Hartara, sodioa isolatuta geratzen da, eta ez du landarearen aktibitate biokimikoa oztopatzen. Landare berri hori normalean baino 50 bider gatz gehiago duen urarekin ere haz daiteke.
Lurreko gatz-kontzentrazioa handia denean, ura lurretik landarera joan beharrean landaretik lurrera joaten da, eta landarea deshidratatu eta, azkenean, hil egiten da. Horregatik, oso garrantzitsua da lurraren gazitasuna kontrolatzea. Zenbait kalkuluren arabera, urtero 10 milioi hektarea inguru galtzen dira lurren gehiegizko gazitasunaren erruz, eta, horren ondorioz, bestela lortuko litzatekeen ekoizpenaren % 60 baino ez da lortzen.