Ithakako Unibertsitatean, New Yorken, mikrogel batez imitatu dute landareek ura garraiatzeko duten sistema. Landareen sustraiek lurretik xurgatzen dute hostoetako ura lurrundu ahala. Hori gertatzen da zuhaitzak etengabe eusten diolako uraren orekari; lurruntze-prozesuak tira egiten dio landarearen barruko urari zurtoinetik hostoetarantz, presio negatibo bat sortzen da landarearen barruan, eta presio horrek berak xurgarazten die sustraiei lurpetik ur gehiago. Mikrogelaren kasuan, poli(hidroxietilen metakrilato)-zko gel baten bitartez lortu dute landareen antzeko sistema bat sortzea zientzialariek. Sistemari mikrozuhaitz deitu diote.
Mikrogelak xilemaren antzera jokatzen du, hots, ura garraiatzen duen landareen ehunaren antzera. Hodi hutsez osatutako ehuna da, baina ez hori bakarrik. Xilemak poro mikroskopikoak ditu, uretan sor litezkeen burbuilen gasa kanporatu ahal izateko ura bera kanporatu gabe. Mikrogelak ere baditu mikroporoak; oso ezaugarri garrantzitsua da hori, xurgatzen duen ura gas-egoeran egon daitekeelako.
Metakrilatozko mikrozuhaitzek aplikazio asko izan dezakete; adibidez, hezetasun gutxi duten tokietatik ura erauzteko erabil daitezke, bai eta ura erabiltzen duten hozte-sistemetan ere.