Unibertsoaren hedapena ulertzeko nazioarteko ikerketa bat gidatuko du EHUk

unibertsoaren-hedapena-ulertzeko-nazioarteko-ikerk
Ruth Lazkoz Saez EHUko ikertzaileak gidatuko du CANTATA proiektua. - Arg. Wikilmages/PIXABAY

Lau urtez, 25 herrialdetako 200 ikertzailek Einsteinen teoriak huts egiten duen eskaletan erlatibitate orokorretik harago joateko aukera aztertuko dute, CANTATA proiektuaren barruan. Europako diru-laguntza du proiektuak, eta Ruth Lazkoz Saez EHUko kosmologoak gidatuko du.

Lazkoz berak azaldu duenez, “CANTATA proiektuak, funtsean, ikertu behar du ba ote den modurik jakiteko, eskura ditugun datu astrofisikoekin, ea Einsteinen teorietatik harago joan beharra daukagun, azaltzeko, adibidez, zergatik gertatzen den unibertsoaren hedapen azeleratua”.

Izan ere, azken urteotan egindako behaketek agerian utzi dute unibertsoak ez duela jokatzen Einsteinen grabitatearen teoriaren arabera espero zitekeen bezala. “Guk ezagutzen dugun grabitatea erakarpenezkoa da; baina unibertsoaren hedapena azeleratzeko, nahitaezkoa da aldarapenezko grabitate bat izatea. Esate baterako, Einsteinen erlatibitatearen arabera, ezin uler dezakegu erabat bi planetek elkar aldaratzea elkar erakarri beharrean, gure intuizioak esaten baitigu grabitateak erakargarria izan behar duela", esplikatu du Ruth Lazkozek.

Dagoeneko urtebete daramate CANTATA proiektuarekin, eta balorazioa oso ona dela adierazi dute. Hain zuen, ikerketa-taldeen artean lehendik zegoen lankidetza estutu dute hari esker, eta etorkizuneko kolaborazioen hazia izatea espero dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila