Unibertsoaren adina

ESOk egindako ikerketa baten arabera, unibertsoak 12.500 milioi urte inguru ditu. Ondorio horretara iristeko, astronomoek Balearen konstelazioko izar baten uranio- eta torio-kantitateak aztertu dituzte. CS 31082-001 izeneko izarrak oso metal gutxi ditu eta, beraz, badakigu galaxiaren hasieran sortu zela. Ikerketa egiteko erabili duten teknika karbono-14arekin egiten den datazioaren antzekoa da. Uranioaren batez besteko bizitza erlatiboki laburra da, 4.500 milioi urte inguru; torioarena, aldiz, luzeagoa da, 14.000 milioi urte inguru.

Izar baten atmosferako uranio- eta torio-kantitate erlatiboak neurtuta, izarra sortu zenean zituen kantitateak aurresan daitezke. Ondoren, fisika nuklearreko hainbat kontzeptu kontuan hartuta, elementu horiek sortu zirenetik igarotako denbora neur dezakeen ‘kronometro’ zehatza lor daiteke. Ikerketa burutu duten astronomoek emandako emaitzaren perdoia +/- 2.000 milioi urte ingurukoa da. Hala ere, izar gehiagoren atmosferak aztertuta emaitza zehatzagoak lortzea espero dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila