Ukimena da mundura iristean erabiltzen dugun lehen zentzumena, eta uztean, azkena. COVID-19ak, ordea, muga handiak ekarri ditu besteak ukitzeko eta uki gaitzaten, eta askori gogorra egiten zaigu besarkadarik eta laztanik gabe etsitzea.
Hala ere, bada urrutitik agurtzea arau bihurtu izana eskertu duenik ere; haietako asko, emakumeak. Izan ere, batak bestea ukitzea boterea eta indarkeria adierazteko keinua ere izan daiteke.
Baina, oro har, ukitzea ezinbestekoa da zaintzan, bai oinarrizko arta emateko (garbitzea, janztea...), bai komunikatzeko («zurekin nago»), zein alderdi emozionala zaintzeko (lasaitzea, kontsolatzea, maitasuna adieraztea...). Askotan, eragina alderdi batean baino gehiagotan nabaritzen da; adibidez, ikerketek frogatu dute masaje terapeutikoen onurak ez direla soilik egiten diren mugimendu eta presioen ondorio, baizik eta larruazala larruazalarekin ukitze hutsak ere baduela eragin sendagarria.
Hain zuzen ere, larruazala da ukimenaren zentzumen-organoa. Gorputz osoa inguratzen du, geruzatan, eta ingurunearen zenbait ezaugarri hautemateko milaka errezeptore berezituak ditu: presioa, tenperatura, dardara, gogortasuna edo biguntasuna, leuntasuna edo laztasuna, mina eta atsegina. Hala, bizirauteko funtsezko informazioa ematen du, arriskuez ohartarazten baitu nerbio-sistema.
Horrez gain, esan ohi da memoria duela. Izan ere, larruazalaren bidez jasotzen ditugu bizi-esperientziak, eta haren zehar iristen dira garunera, gure nortasuna osatzeko. 1990eko hamarkadan argitaratutako ikerketa batzuek giza garapenean ukimenak duen garrantzia erakutsi zuten. Errumaniako umezurztegi batzuetako umeak ziren. Jaio zirenetik ia ez zuten giza kontakturik jaso; gerora, adimen-gabezia pairatu zuten eta asaldurak portaeran. Adinekoetan ere funtsezkoa da ukimena; harreman estuak dituzten pertsonek bizi-itxaropen luzeagoa dute bakardadean bizi direnek baino.
Ikuspegi fisiologikotik, larruazala ukitzeak bihotz-taupadak moteltzeko eta odol-presioa zein kortisol hormonaren maila (guztiak ere estresaren adierazle) jaisteko ahalmena du, haurretan eta helduetan. Aldi berean, oxitozina hormona jariarazten du. Hormona horri «maitasunaren hormona» deitzen zaio, eta ongizatea, bakea eta ondokoekiko atxikimendua sorrarazten ditu. Horrenbestez, funtsezkoa da garapen sozialerako. Beste zentzumenen bidez hautemandakoa batzeko funtzioa ere badu oxitozinak, eta, beraz, norberaren izatearen pertzepzioan ere parte hartzen du.
Laura Crucianelli Karolinska Institutuko neurozientzialarien iritziz, ukimena hizkuntza-mota bat da. Bizitzaren hastapenetatik, besteei gure emozioen berri emateko eta haienak ezagutzeko erabiltzen dugu. Adibidez, gai gara ukitu jakin bat laztan bat edo ohartarazpen hotz bat den bereizteko. Crucianellik egindako esperimentuetan ondorioztatu du horretarako ukituaren denbora eta abiadura gakoak direla: ukitu luze eta mantsoak maitekortzat jo zituzten parte hartzaileek, nahiz eta arrotz batek emanak izan, eta alderantziz; ukitu labur eta azkarrek ez zieten emozio berezirik eragin, ezta maite zuten pertsona batek egindakoak izanda ere. Bestalde, garuneko eremu bat, insula, kaltetuta dutenek zailtasunak dituzte ukitu maitekorrak bereizteko eta beren izatea ondo hautemateko.
Azken urteetan, aurrerapen teknologiko handiak egin dira, gaitzen edo istripuen ondorioz ukimena galdu dutenei zentzumena berreskuratzen laguntzeko. Txaplata elektronikoen bidez, kontaktuak seinale elektriko bihurtzen dituzte, eta nerbio-sistema kitzikatzen dute, informazioa garunera bidaltzeko.
Bitartean, COVID-19ak ukatu digun ukimena ordezkatzeko moduen bila jarraitzen dugu.
Elhuyarrek garatutako teknologia