Ugaztunetan emeek dute bizi-itxaropenik handiena

ugaztunetan-ere-emeek-dute-bizi-itxaropenik
Arg. Joshua J. Cotten/Unsplash

Ugaztunen artean, emeen batez besteko bizi-iraupena arrena baino % 18,6 handiagoa da, nazioarteko ikertzaile-talde batek PNAS aldizkarian aurkeztutako datuen arabera.

Kopuruak gizakien artean dagoen aldea bikoizten du. Izan ere, gizakietan ere emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago bizi ohi badira ere, emakumezkoen bizi-iraupena % 7,8 handiagoa da soilik. Sexuen arteko aldea bereziki nabarmena da muturreko adinekoen kasuan: 110 urteren muga gainditzen duten gizakien % 90 emakumezkoak dira.

101 ugaztun-espezietako 134 populazioren inguruko datuak baliatu dituzte ondorio horietara iristeko, eta aldea espezie gehienetan dagoen arren, badira hainbat espezie non arrak gehiago bizi diren. Hala nola, zaldiak eta zenbait saguzar- eta untxi-espezie.

Momentuz ez dago argi alde horien atzean dagoen arrazoia, baina hainbat hipotesi proposatu dira: besteak beste, kromosometan eta DNA mitokondrialean oinarritutako arrazoi genetikoak edota ugalketari lotutako rolak.

Mota guztietako ugaztunak aztertu badituzte ere, egileek aitortu dute ikerketak baduela alborapen txiki bat. Diotenez, karraskari txikien espezie asko ezin izan dituzte sartu ikerketan, gaur egun animalia horien bizi-iraupenaren inguruko datu ziur askorik ez dagoelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila