Lehorreko nahiz itsasoko ugaztunen laurdenak desagertzeko arriskuan daude, Natura Babesteko Nazioarteko Erakundearen (IUCN) azkeneko txostenaren arabera. Oro har, ugaztunen erdien populazioa nabarmen gutxitzen ari da. Gainera, zenbait espezie gainbehera ikaragarri handia ari dira jasaten, Tasmaniako deabrua (Sarcophilus harrisii), besteak beste. Hain zuzen ere, espezie horrek % 60ko gainbehera izan du azken hamarkadan.
Datu zehatzak lortzea ezinezkoa da espezie guztietan. Hala ere, txostenaren esanean, ugaztunen % 21-36 desagertzeko arriskuan dago. Ugaztunek dituzten mehatxurik aipagarrienak deforestazioa, habitat-galera eta ehiza dira. Gainera, txostenak aditzera ematen du gainbehera horrek jarraitu egingo duela, mehatxu berriak --hala nola, poluzioa-- azaltzen diren heinean. Populazio-gainbeherarik lazgarriena Asiaren hego-ekialdean ari da gertatzen. Han, ugaztunen % 79 dago arriskuan.