Maiatzeko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian, ugaztunen boomarekin zerikusia duen albiste bat eman genuen. Albiste hartan irakur zitekeen fosiletan eta DNAn oinarritutako ikerketa bat egin dutela, eta ikusi dutela ugaztunen boomak ez zuela zerikusirik izan dinosauroen desagertzearekin. Booma dinosauroak desagertu eta 15 bat milioi urte ingurura gertatu zela. Halaber, ikerketa hark zioen plazentadun ugaztunak duela 100-85 milioi bitartean sortu zirela, hau da, dinosauroak suntsitu baino 20 milioi urte lehenago.
Orain arte pentsatu izan da ugaztunak izugarri ugaritu zirela dinosauroen presioa amaituta, eta duela 65 milioi urte inguru booma gertatu zela.
Bada, ekainean, Nature aldizkarian, orain arte pentsatzen zena berresten duen beste ikerketa bati buruzko artikulu bat argitaratu zuten. Artikulu horren arabera, dinosauroak desagertu eta berehala gertatu zen booma. Ikerketak gaineratzen du orduantxe, eta ez lehenago, sortu zirela gaur egun bizirik dauden plazentadun ugaztunen arbasoak. Azken ikerketa hori fosiletan soilik oinarrituta dago, eta fosiletan oinarrituta inoiz egin den ikerketarik zabalena da.
Fosilek eta molekulek esaten dutena ez datoz bat, oraingoan ere. Denbora gutxian, gai berari buruzko emaitza guztiz desberdina eman duten bi ikerketa plazaratu dituzte; batak kontuan hartzen zituen gaur egungo ugaztunen DNA molekulak, besteak ez. Lehenago ere gertatu da bi metodoek emaitza desberdinak ematea. Adibidez, fosilek diote duela 475 milioi urtetik daudela landareak Lurrean; molekulek, aldiz, duela 700 milioi urte ere bazeudela.
Oraingoz ez dugu jakingo ugaztunak noiz eta non sortu ziren, ezta haien boomak dinosauroekin zerikusirik izan zuen ere.