Ugaztun-zelulek egindako amarauna

Armiarmek ekoizten duten haria izugarri hauskaitza eta elastikoa denez, antzeko materiala lortzeko saiakera asko egin dira. Orain arte, ordea, ez dute arrakasta handirik izan. Baina Science aldizkarian argitaratu den lanaren arabera, ingeniaritza genetikoaren bidez, aurrerapauso garrantzitsua eman dute Kanadako Nexia bioteknologiako laborategietan.

Zientzialariek ugaztunen zelulen ADNra transferitu dituzte amaraunaren proteinak kodetzen dituzten geneak, hain zuzen ere, behien ugatz-zelulen eta hamsterren giltzurrun-zelulen ADNra. Bi zelula-motek erraz biltzeko moduko proteinak jariatzen dituzte zelulatik kanpo. Ondoren, proteina horiekin haria iruteko, ur disoluziotik atera eta metanolean injektatzen dituzte. Lortutako haria armiarmarena bezain malgua ez bada ere, tendoi eta lokailu artifizialak egin ahal izango direla uste dute. Bestalde, AEBetako armadak ere interes handia du; izan ere, armadura erresistenteak eta arinak egiteko aproposa litzatekeela bururatu zaie.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila