Aurtengo udako sargoriak ez ditu oraindik bere ondorio guztiak erakutsi. Ikertzaileek uste dutenez, urtea amaitu baino lehen granjetako animaliek eragindako pozoidura-kasu asko gertatuko da Erresuma Batuan, ia denak eguraldi beroarekin lotuta.
Landetxetako eta granjetako garbitasun-baldintzak ikertzen diharduen taldeak egoera benetan kezkagarria dela jakinarazi dio Osasun Publikoko Laborategiari. Igorritako txostenean irakur daitekeenez, granjetako garbitasun-egoera txarra dela medio, anitz bakterioek garatzeko aukera bikaina aurkitzen dute urtero-urtero, udako beroak berpizten dituelarik.
Aurtengo egoera larriagoa da oraindik, batezbesteko tenperatura 5 °C altuagoa izan baita udako hilabeteetan. Begiz jotako datuen arabera, tenperatura gradu bat igotzen denean, pozoitzeko probabilitatea % 7 handiagotzen da; iaz granjetako animaliak jandakoan 83.000 lagun pozoitu ziren Erresuma Batuan eta aurten, beraz, 30.000 kasu berri espero dira. Pozoidurarik ohizkoenak Salmonella eta Campylobacter direlakoek eragindakoak dira, kasuen % 80 inguru horiexek sortuak direlarik.