Tyrannosaurus rexen antzera, masailezur sendoa, buru handia, hanka ikaragarriak eta beso eskasak zituen dinosauro baten aztarna fosilak aurkitu dituzte Txinan. Hura bezala, beraz, espezializazio-maila altuko harraparia zen. Bazuen, hala ere, harengandik bereizten zuen ezaugarririk: T. rex baino 60 milioi urte lehenago bizi izan zen, eta hura baino bost aldiz txikiagoa zen.
Raptorex kriegsteini izena jarri diote Chicagoko Unibertsitateko paleontologoek, aztarnak aztertu dituztenek, hain zuzen. Taldeko buruak esan duenez, T. rex espezieko dinosauroak eman zituen dinosauro-taldeko antzinako adar batean kokatzen da Raptorex.