Jakin badakigu zein trebeak diren txoriak bidaia luzeetan orientatzen, eta Lurraren eremu magnetikoa erabiltzen dutela horretarako. Baina leku batetik bestera eremua aldatu egiten da, eta, hala ere, ez dute iparra galtzen. Bada, dirudienez, iluntzero barneko iparrorratza kalibratzen dute, argi-izpien orientazioaren arabera, eta, hala, bide zuzenari jarraitzen diote.
Illinois-en, AEBetan, eginiko esperimentu baten emaitza da hori. Birigarroaren familiako zenbait txori harrapatu eta transmisore txiki bana jarri zieten. Iluntzean aske utzi zituzten guztiak, baina batzuek eremu magnetiko batetik pasarazi zituzten desorientatzeko. Ondorioz, mendebaldera jo zuten txori horiek, iparraldera jo beharrean. Hurrengo eguneko iluntzean, txori guztiek iparralderantz egin zuten hegan. Desorientatu zituztenek berriz ere iparra aurkitu zuten seinale da hori.