Txip supereroaleen arteko komunikazioa lortuko balitz, ordenagailuen abiadura izugarri handituko litzateke. Eta horren inguruko ikerkuntzan eman dute aurrerapausoa Kaliforniako TRW Space and Electronics Group-eko Quentin Herr-ek eta haren lan-taldeak. Izan ere, niobioa erabili dute zirkuituak egiteko eta 9 K-etan lortu dute supereroankortasuna.
2000n lehen transistore supereroalea lortu zen eta hurrengo urtean mikroprozesadore supereroalea; baina orain, txip supereroaleen arteko komunikazioa lortu dute. Helio likidoa erabili dute tenperatura baxu horretara iristeko, eta 60 gigabit segundoko abiadura lortu dute (ohiko siliziozko txipetan lortzen den abiadura baino hiru aldiz handiagoa).
Alabaina, New York-eko Estatu-unibertsitatean elektronikarako supereroaleetan aditua den Konstantin Likharev-en ustean asmakuntza honek arazo nagusi bat du: ekonomikoa. Izan ere, erabili behar diren tenperaturak hain dira baxuak, ezen ez duela ikusten inbertsioak eguneroko aplikazioetarako mereziko duenik. Hori dela eta, txip-fabrikatzaileek teknologia guztiz aldatu beharko luketela uste du.
Beraz, oraingoz behintzat, beste aukerarik uzten ez duten aplikazioetan bakarrik erabili beharko dira txip supereroaleak.