Txinako harresiak trukea galarazten du

Txinako harresiaren bi aldeetako landare-espezieak genetikoki berdinak diren ala ez ikusteko, ikerketa bat egin dute Pekingo Unibertsitatean. Zientzialariek bazekiten hesi naturalen aldeetako espezieek bide desberdinak hartzen dituztela, hesi horrek geneak trukatzea galarazten duelako. Eta Txinako harresiarekin ere gauza bera gerta zitekeela susmatzen zuten.

Ikerketa Juyong Guan aldeko hiru tokitan egin dute: bi 6 m-ko luzerako eta zabalerako harresi batek banatuta daude, eta bestean mendiko bidexka bat dago tartean. Guztira, habitat eta polinizazio-sistema desberdineko 6 espezietako 416 landareren DNAk aztertu dituzte.

Emaitzen arabera, harresiaren alde banatako espezieek beren bidetik jotzen dute. Gainera, aldaketa genetikoak nahiko azkar gertatzen direla iruditu zaie, harresiaren zati hori duela 600 bat urte egin baitzuten. Bestalde, intsektuen bidez polinizatzen diren landareek errazago gainditzen dute harresia haizearen laguntzarekin polinizatzen direnek baino.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila