Txinako bidaiarien sarerra kontrolatzea ez da eraginkorra, López Goñiren arabera

txinako-bidaiarien-sarerra-kontrolatzea-ez-da-erag
Txinan COVID-19aren kasuak igo direla eta, neurri bereziak hartu dituzte herrialde batzuek, Txinako bidaliariak kontrolatzeko. Zalantza handiak daude, ordea, neurri horiek zentzuzkoak ote diren. - Arg. Manuel Alvarez/Pixabay

Azken egunotan, nabarmena da COVID-19ak Txinan izaten ari den hedapenari buruzko kezka; besteak beste, gainerako herrialdeetan izan dezakeen ondorioengatik. Hori dela eta, herrialde batzuek Txinako bidaiariei neurri bereziak ezartzea erabaki dute, tartean, Espainiak. Ignacio López Goñi Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologiako katedradunaren arabera, ordea, neurri horiek ez dute zentzu handirik. Halaxe azaldu du bere blogean, 2022ko azken egunean, izenburu hau duen artikuluan: “Zergatik ez da oso zentzuzkoa Txinako bidaiarien sarrera kontrolatzea?

López-Goñik azaldu duenez, hainbat arrazoi egon daitezke Txinako olatuaren atzean. Lehenik, zero covid estrategiaren ondorioz, SARS-CoV-2a berria da populazioaren gehiengoarentzat. Bestetik, adinekoetan, indartze-dosia hartu dutenen ehunekoa nahiko txikia da (% 40, 80 urtetik gorakoen artean; Espainian, % 73k jada badu bigarren indartze-dosia). 

Gainera, gogorarazi du Txinako txertoak birus inaktibatuekin eginda daudela, eta haien eraginkortasuna mRNA-txertoena baino dezente txikiagoa dela (hurrenez hurren, % 50-79, eta % 94 baino handiagoa). Halaber, omicronek aurreko aldaerek baino gaitasun handiagoa du ihes egiteko. Eta, azkenik, oso jende gutxik du immunitate hibridoa: hau da, txertoarenaz gain, infekzioa gainditzeak ematen duena. Biek elkarrekin ematen dute immunitaterik sendoena.

Orain, kolpera, zero covid neurriak bertan behera utzi dituzte Txinan; horrenbestez, osasun-sistemak gainezka egin du. Horrez gain, zenbat eta gehiago hedatu birusa, orduan eta arrisku handiagoa dago aldaera arriskutsuak sortzeko. Eta horixe da kezkarik handiena, López Goñik ohartarazi duenez.

Alabaina, berehala azaldu du, oraingoz, ez dirudiela munduan hedatuta daudenetatik oso bestelako aldaerarik sortu denik Txinan. Horrenbestez, ez du zentzurik hango bidaiariei neurri bereziak jartzeak. Bestela ere, Europako Batasunean ez dagoenez mugarik, alferrik da herrialde batek alde bakarreko erabakiak hartzea. Txertaketa-pasaporteek ez dutela transmisioa eragozteko balio ekarri du gogora, txertatutakoek ere birusa transmititzeko gai baitira; eta testek ere ez dute askorako balio (antigeno-testek negatibo faltsuak eman ditzakete; eta jada kutsatzen ez duen batek, aldiz, positibo eman dezake PCRan).

Beste zenbait arrazoi ere eman ditu López-Goñik, eta ondorioztatu du kanpokoei neurriak ezartzea baino eraginkorragoa dela Espainian prebentzioa indartzea, lau bidetatik. Baga, txertaketa eta indartze-dosiak sustatzea. Biga, zaintza epidemiologikoa egitea, aldaera berriak detektatzeko. Higa, osasun-sistema sendotzea. Eta, laga, txerto berriak ikertzen, garatzen eta egokitzen jarraitzea.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila