SAR11 ezagutzen den bakterio txikiena da. Genoma ere bere neurrikoa du, txiki-txikia. Itsasoan bizi da, eta benetan ugaria da: ozeanoetan bizi diren SAR11 bakterio guziek arrain denek baino gehiago pisatzen dute.
Ikertzaileek ikusi dutenez, bakterio ñimiñoak funtzio benetan garrantzitsua dauka karbonoaren zikloan. Planetan egiten den fotosintesiaren erdia ozeanoetako algek egiten dute, eta horiei zor zaie sortzen den oxigenoaren erdia. Bada, SAR11 bakterioaren modukoek karbono organikoa birziklatzen dute; hala, algek hazteko behar dituzten elikagaiak sortzen dituzte.