Txertoak neurrira eta azkar egiteko metodoa

Metodo berri bat erabiliz, datorren urteko gripe-izurriaren erruduna izan daitekeenaren aurkako txertoa egin dute, hilabete baino gutxiagoan.

NSLN

Normalean, ondo ezagutzen diren gaixotasunen eragileen aldaera edo andui berrien aurkako txertoak egiteko, hilabeteak behar izaten dira. Baina gero eta hobeto ezagutzen dira eragileen sekuentzia genetikoak, eta horrek denbora gutxian txerto seguruak egitea ahalbidetzen du.

Adibidez, gripearen aurkako txertoa egiteko, aurrena birusaren azaleko bi proteinaren geneak identifikatu dituzte. Hain zuzen ere, birusak bi proteina horien bidez neutralizatzen ditu antigorputzak. Gero, ingeniaritza genetikoa erabiliz, proteina eraldatua kodetzen duen genea sortu dute. Zati horri ohiko birusaren gainerako zatiak gehitu dizkiote; horrela, txertaketan erabiltzeko moduko birus ez-kaltegarria lortu dute. Eta hori guztia lau astean egin dute.

Ikerketa AEBetako San Juda Umeen Ospitalean egin dute, eta, ikertzaileen esanean, metodoa baliagarria da beste gaixotasun batzuen aurkako txertoak egiteko, baita ezohiko pneumoniaren aurkakoa ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila