Txerto hirukoitza eta autismoa erlazionatzen zituen artikulua kendu du The Lancet-ek

Txerto hirukoitza eta autismoa erlazionatzen zituen artikulua kendu du The Lancet-ek
2010/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Artikuluak zioena okerra zela frogatu ondoren kendu du, argitaratu eta hamabi urte geroago

1998an The Lancet medikuntza-aldizkari ospetsuak argitaratutako artikulu bat ez dela zuzena erabaki du Britainia Handiko Mediku Kontseilu Orokorrak. Horren ondorioz, artikulua kentzea erabaki du The Lancet-ek.

Artikulu hark txerto hirukoitzak --elgorritik, errubeolatik eta hazizurritik babesten du-- hesteetako arazoak eta autismoa eragin zitzakeela iradokitzen zuen. Oihartzun handia izan zuen, bereziki Britainia Handian, eta guraso batzuek beren haurrak ez txertatzea erabaki zuten. Jarrera horrek hiru gaixotasun horien kasuak areagotzea ekarri du azken urteotan.

Batzuek hasieratik jarri zuten zalantzan ikerketa, baina 2004an The Times egunkarian plazaratutako erreportaje batek hauspotu egin zuen eztabaida. Haren arabera, ikerketan parte hartu zuten haurrak (3 eta 10 urte bitarteko 12 haur), nahita aukeratu zituzten ikerketa hartarako. Horrez gain, haurrei beharrezkoak ez ziren proba gogorrak egin zizkieten, bilatzen zutena frogatu nahian.

Ikerketa sinatu zuten 13 ikertzaileetatik 10ek atzera egin zuten, baina ikerketa-buruak, Andrew Wakefield gastroenterologoak, aurre egin zien salaketei. Bitartean, Britainia Handiko Mediku Kontseilu Orokorrak ikerketa bat zabaldu zuen. Azkenean, Wakefielden ikerketak akats onartezinak zituela ondorioztatu du kontseiluak, eta, beherahala, The Lancet-ek artikulua kendu duela jakinarazi du ohar baten bidez.

Artikulu hura txertoen aurkako mugimenduaren jatorria izan zen, eta guztia Wakefielden aurkako konspiraziotzat jotzen duenik bada oraindik.

1
262
2010
3
015
Medikuntza; Etika
Albisteak
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila