Her filma estreinatu zenean, zientzia-fikziozkoa zen. Filmeko protagonistak, Theodore izeneko gizon barnerakoi eta arrunt batek, neskalaguna galtzen du. Hark utzitako hutsunea nolabait betetzeko, adimen artifizialeko programa aurreratu batekin solasten hasten da, eta, pixkanaka, modu naturalean, harekin maitemintzen da.
Hamar urte geroago, zientzia-fikziozko istorio hura errealitate bihurtu da. Gaur egun, adimen artifizialaren bidezko testu- eta ahots-sortzaileak (txatbotak) hain dira eraginkorrak, emozio eta sentimendu sakonak sortzeko gai direla; tartean, maitemina. Hala, Her filmaren antzeko gero eta kasu gehiago ezagutzen dira, eta batzuk programak eskainitako erreplikarekin ezkontzera ere iritsi dira.
Adituei ez zaie hain harrigarria ere iruditzen. Izan ere, bikotekidea simulatzen duten txatbotei ez zaie alferrik deitzen erreplika. Alegia, horretarako diseinatu dituzte: pertsona batek bezala solasteko ez ezik, erabiltzailearen nahiak eta desirak asetzeko, atsegin emateko.
Horretan laguntzen dio adimen artifizialak: ikasteko gai denez, aurreko solasaldiak “gogoratu” ditzake, eta bere burua hobetu. Horretan bereizten da aurrez egon diren beste produktu batzuetatik; hala nola tamagotxia. Jostailu horrek elkarrekintza bultzatzen zuen, eta erabiltzaile askok harreman afektibo bat zuten gailuarekin. Baina elkarrekintza mugatua zenez, lehenago edo beranduago, agortu egiten zen.
Adimen artifizialari esker, ordea, oraingo txatbotek gero eta hobeto ezagutzen dute (datu gehiago dituzte) haiekin elkarrekintza duen pertsona. Nola egingo uko, justu entzun nahi duzuna esaten dizun horri? Edo justu bilatzen duzun produktua, filma, abestia, ibilbidea, esperientzia… eskaintzen dizun horri?
Egin diren azterketetan, txatbotekin maitemindu diren pertsonak, oro har, jabetzen dira beren bikotekidetzat dituzten programa horiek ez direla petsonak, baina horrek ez die eragozten haienganako sentimenduak izatea. Batzuen esanean, etxekotutako animaliekiko batzuek garatzen duten harremana ere horren antzekoa da. Are gehiago: Kate Darling MIT institutuko ikertzailearen arabera, biologikoki programatuta gaude, autonomo iruditzen zaigun edozein entitateri asmoa eta bizitza esleitzeko.
Harreman horiek psikologikoki arriskutsuak izan daitezkeela iradoki badute ere, ikertzaileek aitortu dute oraindik ez direla ondo ezagutzen horren atzean dauden mekanismoak eta ondorioak. Badakite, hori bai, garuneko sari-sistemarekin zerikusia duela: estimulu batek sistema aktibatzen duenean, dopamina jariatzen da, eta horrek plazera sortzen du. Arazoa da estimulu batzuek mendekotasuna sortzen dutela, eta gero eta dosi handiagoa behar dela, dopamina-jarioa lortzeko.
Txatbotarekin maitemintzeak erabiltzailearen garunean dituen ondorioak ikertzen dituzten bitartean, beste ikertzaile batzuek fokua gizartean jartzen dute. COVID-19aren pandemiaren ondotik, bakardadea hazten ari dela erakusten dute ikerketek, eta nabarmenak dira bakarrik sentitzeak osasun fisikoan eta psikikoan eragiten dituen kalteak. Testuinguru horretan, harreman emozionalak sorrarazteko gai diren txatbotak onuragarriak izan daitezkeela diote haien bultzatzaileek. Arazoaren muinari heldu beharrean, ordea, berriz ere, norbanakoaren esku jartzen dute irtenbidea. Irtenbidearen truke ordain dezakeen norbanakoaren esku, zehatzago esanda.