Nafarroako Unibertsitate Klinikak arrakastaz aplikatu du --lehenengoz, Espainian-- PET-OTA ekipamendu bat 18F -DOPA farmakoarekin batera, diagnostikatzeko zailak diren tumore neuroendokrinoak detektatzeko. PET-OTAk bi diagnosi-prozedura konbinatzen ditu: Positroi Emisio bidezko Tomografia (PET) eta Ordenagailu bidezko Tomografia Axiala (OTA). Tumore neuroendokrinoen ezaugarri komun bat da L-DOPA aminoazidoa antzemateko eta metabolizatzeko gai direla. 18F-DOPA radiofarmakoa fluor-18rekin markatutako L-DOPAren analogoa da, eta, positroiak emititzen dituenez, harekin markatutako tumoreak PET-OTA ekipamenduarekin detekta daitezke. Diagnosi-teknika hori ohikoa da parkinson gaixotasuna aztertzeko.