Tumore berak hamaika aurpegi

Minbizi-zelulek mutazio desberdinak dituzte tumore beraren leku batean edo bestean

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

tumore-batek-hamaika-aurpegi
Tumore primarioaren hainbat puntutatik eta inguruko tumore metastasikoetatik biopsiak hartuta mutazio desberdinak aurkitu dituzte ikertzaileek. Arg. M. Gerlinger et al., NEJM 366; 10 (Martxoak 8,2012)

Giltzurruneko tumoreekin egindako ikerketa batean, ikertzaile britainiarrek mutazio desberdinak aurkitu dituzte tumore beraren leku desberdinetan. New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Lau gaixoren giltzurruneko tumoreen azterketa genetiko sakona egin dute ikertzaileek. Horretarako, tumore nagusiaren hainbat puntutatik eta gorputzean zabaldutako tumore metastasikoetatik hartutako laginak aztertu dituzte. Eta ikusi dute tumore barruko dibertsitatea oso handia dela. Esaterako, tumore nagusitik hartutako 14 laginetan aurkitutako mutazioen heren bat bakarrik errepikatzen zen lagin guztietan, eta mutazioen laurden bat lagin bakarrean agertu zen. Tumorean zein gene ziren aktibo aztertzean ere, emaitzak desberdinak izan ziren laginaren arabera.

Tumoreen eboluzioa nolakoa izan den ere argitu dute datu horietatik abiatuta. Esaterako, kasu batean tumore primariotik bi lerro nagusi banandu zirela ikusi zuten; haietako batetik tumore nagusia garatu zen, eta beste lerroak bular-aldeko tumore sekundarioak sortu zituen. Gainerako kasuetan ere antzeko eboluzioak ikusi zituzten.

Ikertzaileek azpimarratu dute kasu gutxirekin egindako ikerketa dela, baina, hala ere, tumoreen barruko dibertsitateari buruzko ideia bat ematen duela. Hain zuzen ere, ikerketak agerian utzi du tumore baten biopsia bakarra egitea kasu askotan ez dela nahikoa diagnosia egiteko. Eta, bestalde, ikertzaileen arabera honek azal lezake zergatik tratamendu batzuek eraginkor izateari uzten dioten denbora baten buruan, litekeena baita tratamendu horiek ez izatea eraginkorrak tumore horretako zelula guztien aurka.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila