Pasteur Institutuko talde batek ikusi du tuberkulosia eragiten duen baziloak gordeleku ezin hobea daukala gantz-zeluletan. Alde batetik, immunitate-sistemaren zelulak nekez iristen dira gantz-zeluletara, eta, bestetik, isoniazidak, tuberkulosia tratatzeko antibiotiko erabilienetako batek, ez du eragiten gantz-zeluletan.
Baziloen portaera hori ezagutzeko, baziloa gantz-zeluletan hazteko gai dela frogatu zuen lehendabizi ikertzaile-taldeak, eta, han, isoniazidaren erasotik babestuta dagoela. Ondoren, baziloaren arrastoak bilatu zituzten ustez kutsatuta ez zeuden pertsonen gantz-zeluletan. Emaitzak adierazi zuen aztertutakoen laurdenak, jakin gabe, tuberkulosiak kutsatuta zeudela.
Aurretik bazekiten tuberkulosia eragiten duen baziloak urteak eman ditzakeela ostalariaren gorputzean lo, gaixotasuna eragin gabe. Oso ohikoa da kutsatuta egon arren tuberkulosia ez garatzea; kutsatutakoen % 5-10ek bakarrik garatzen du.