Triton, Neptuno planetaren satelite handiena da eta astronomoentzat badu misterio bat. Ia atmosferarik ez du (dentsitatea Lurrekoa baino 65.000 aldiz arinagoa da), baina hala ere azalean meteorito-talkaren arrasto gutxi ikusten diote; antzeko planeta eta sateliteei baino askoz ere gutxiago.
Dena den, azkenaldian Iparramerikako Michael Nolan eta Jonathan Lunine astronomoek Tritonen historian oinarrituz teoria bat plazaratu dute. Tritonek nonbait, Eguzki-sistema sortzen ari zela Neptunok bereganatu zuenean, zirkunferentziaren formako orbita lortzeko barne-marruskadurak jasan zituen. Beraz, beroa eta sumendiak sortu ziren, eta ondorioz atmosfera ere bai. Lurrekoak baino 30 edo 50 aldiz presio handiagoa izan zuen eta nitrogeno, metano, karbono (II) oxido eta hidrogenoz osaturik zegoen.
Hidrogenoak negutegi-efektua sortuz, Tritonen azaleko tenperatura -130° eta -90° C bitarteraino igo zen (gaur egun -236°ko tenperatura du) eta horrela amoniako-ozeanoak sortu ziren.
Egoera horrek 100 milioi urtez iraun zuen eta bitarte horretan (atmosfera, itsaso, sumendi, etab. egonez) jauzitako meteorito guztiak airean deuseztuko ziren, lurrean talka egin baino lehen.