Tritioa nola egin

Tritioa hidrogenoaren isotoporik astunena da. Tritioaren nukleoan bi neutroi eta protoi bat daude. Tritiorik ez da naturan aurkitzen; isotopo erradioaktibo ez-egonkorra (12,3 urteko erdibizitza du) bait da. Beraz, tritiorik gura izanez gero (arma nuklearretan erabiltzeko esaterako) artifizialki fabrikatu behar da. Nola egiten da?

Tritioa egiteko errezeta estandarra hauxe da: litio(6) nukleoari neutroi bat eranstea. Horrela nukleoa hautsi egiten da tritio-atomo bat eta helio(4) atomo bat sortuz. Hain eraginkorra ez den beste metodo bat deuterioari neutroi bat eranstea da. Bi kasu hauetan fisika erraza da, baina teknologia konplexua.

Litio(6)a erabiltzearen abantaila neutroiekin deuterioa baino azkarrago erreakzionatzea da.

EEBBtako Energy Sailak (DOE) 1940.eko hamarkadaren bukaeratik Hego Carolinako Savannah ibaiko zentral nuklearrak erabiltzen ditu tritioa sintetizatzeko. Erreaktoreek uranio aberastua erabiltzen dute erregai moduan. 100C-tan egiten dute lan. Energia sortzeko ez; isotopo erabilgarriak lortzeko baizik. Uranioak sortzen dituen neutroiak balaztatzeko ur astuna erabiltzen da. Litioak errazago xurgatzen ditu neutroi mantsoak. Erreaktoreak %80ko uranio(235) erabiltzen du, igorritako neutroi-fluxua tritioaz gain plutonio(239) sortzeko bezain indartsua izan dadin. Plutonio(239) da bonba atomikoetan gehien erabiltzen den isotopoa.

Tritioa sortzeko litiozko “ituak” erabiltzen dira. Litio(6) eta aluminioz osatutako nahastea aluminiozko kutxa hermetikotan sartzen da. Kutxaok sei hilabetetik urtebetera egiten dute erreaktore barruan. Kutxak erreaktoretik atera eta berotu egiten dira helio eta tritio gaseosoa erauzteko. Tritio hau oso purua da eta ez du hidrogenoaren beste isotopoen arrastorik.

Tritioa metalezko ontzitan gordetzen da likido edo metal-hidruro moduan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila