Minbiziaren aurkako tratamendu nagusiek emakumeetan eta gizonetan sortzen dituzten albo-ondorioetan desberdintasunik ote dagoen aztertu dute AEBetako ikertzaile batzuek, eta baietz ondorioztatu dute: emakumeetan, albo-ondorio larriak gizonetan baino % 34 ohikoagoak dira. Diferentzia are nabarmenagoa da immunoterapian: emakumeek % 49 gehiago izaten dituzte.
Tratamendu onkologikoek albo-ondorio ugari eragin ditzakete, eta ikerketa asko egiten dira jakiteko nola leundu haien eragina. Alabaina, gehien bat kimioterapiaren ondorioak ikertu dira, eta oraindik ez dira hainbeste ikerketa egin terapia berriekin. Orain egin duten ikerketak, beraz, informazio baliotsua eman du, eta erakutsi du lehentasunezkoa dela ondorioak sexuaren arabera ikertzea; bereziki, kontuan izanda immunoterapian dagoela alderik handiena, eta tratamendu hori gero eta ohikoagoa bilakatzen ari da, harekin lortzen baitira emaitzarik onenak minbizi batzuen kasuan.
Journal of Clinical Oncology aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian. Bukaeran zehaztu dutenez, ikerketa hauek azken helburua da jakitea nola eragin onurarik handiena, ahalik eta kalte txikienarekin.