Animalien organoak gizakioi txertatzeak sorrarazten dituen kezkak areagotu egin dira azken hilabeteetan. Orain artean ezagutzen ez zen birus berri bat aurkitu da txerrietan. Birus honek fetuetan eragiten du eta berauek hilik edo deformeak jaiotzen dira.
Xenotransplante hauen etorkizuna birus hauek baldintzatuko dute, izan ere, oraindik ez da behar den adina ezagutzen birus hauek gizakiongan eragin dezaketen kaltea.
Aditu batzuen ustez, organo hauek, txertatu aurretik behar den moduan aztertuz gero ez legoke arriskurik, baina, orain ikusi ahal izan denez, ezagutzen ez diren birusak ezin dira atzeman eta ondorioak nolakoak izango diren ezingo da jakin honelako kasuetan.
Iaz, Sidney inguruko txerritegi bateko bi langilek, birus arrotz honek sorturiko gaitza garatu zutenean sortu zen eztabaida. Txerritegiaren aldamenean zegoen saguzar-kolonia bati egotzi zitzaion birusaren barreiaketa, saguzarrak ostari gisa jokatzen baitute. Gaur egun, bi langile hauek osasuntsu daude eta birusak ez du inolako arriskurik gizakiontzat.
Beste kontu bat da, ordea, txerrien organoekin egin nahi diren transplanteek izango luketen arriskuen aurrean sortu den ezinegona eta zalantza.