Toxinak, algen ehizarako tresna

Toxinak, algen ehizarako tresna
2010/04/01 | Elhuyar
Marea gorrietan, harrapakinak ehizatzeko erabiltzen dituzte toxinak alga batzuek. Arg.: Marufish/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera.

Alga batzuek toxinak ekoizten dituzte beren harrapakinak paralizatzeko

Minnesota Unibertsitateko biofisikari-talde batek frogatu du Karlodinium veneficum alga dinoflagelatuek ekoizten dituzten toxinek harrapakinak ehizatzea errazten dietela.

Karlodinium veneficum espezieko dinoflagelatuak ohikoak dira marea gorrietan. Dinoflagelatu horiek, eta beste hainbatek, toxinak ekoizten dituztenez, kalte handiak eragiten dituzte aldian-aldian gertatu ohi diren bat-bateko alga-hazkuntza horiek.

Toxinak ekoizteak, baina, energia asko eskatzen du, eta zientzialariek jakin nahi zuten energia-inbertsio hori harraparietatik babesteko eta lehiakideekin norgehiagoka aritzeko baino gehiagorako erabiltzen ote dituzten. Eta susmoa zuten harraparitzan aritzeko ere erabiltzen dituztela. Izan ere, dinoflagelatu horiek bizi eta haz daitezke fotosintesia bakarrik eginez, baina, beste alga batzuk harrapatuta eta janda, hazkuntza-abiadura bikoiztera irits daitezke.

Laborategian, aipatutako dinoflagelatuen bi andui erabili zituzten: batetik, toxinak ekoizten zituen bat, eta, bestetik, ekoizten ez zituen bat. Andui horietako bakoitzarekin harrapakinak jarri zituzten, eta batzuen eta besteen portaera aztertu zuten. Ikusi zuten harrapakinen jarduera-maila hein handiagoan jaitsi zela andui toxikoekin elkartu eta berehala: harrapakin bikoitza zegoen geldirik andui toxikoaren uretan. Eta, esperimentua hasi eta bost ordura, harrapakin horien %90etik gora zegoen geldirik.

1
263
2010
4
013
Botanika
Albisteak
14
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila