Toxikotasuna dosiaren araberakoa da

Toxiko arriskutsutzat hartzen diren zenbait substantziari janarietan, uretan edo sendagaietan ezartzen zaizkien mugak berriro aztertzea proposatu dute AEBetako bi ikertzailek. Ikertzaile horien esanean, ustezko toxiko batzuk dosi txikitan onuragarriak izan daitezke, baina, dosi batetik aurrera kaltegarriak direla ikusi denez, guztiz baztertzen dira.

Kontuan izan behar da duela 30 urte X izpiak kaltegarritzat hartzen zirela. Gaur egun, ordea, medikuntzan erabiltzen dira, eta antzekoa gertatzen da beste gai askorekin. Esate baterako, dioxinak minbizi-sortzaile dira dosi altuetan, baina zenbait espezietan tumoreak haztea galarazten dutela frogatu da.

Ikertzaileen ustez, gobernuak diru asko ari dira xahutzen ustez ingurumena kaltetzeko arriskua duten substantziak kentzen. Bitartean, elikagaien bidez, sintetikoak bezain kaltegarriak izan daitezkeen gai kimiko ugari hartzen ditu jendeak. Beraz, jendeak gai horri buruzko informazioa eta heziketa behar dituela iruditzen zaie.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila