Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile-talde bat biointsektizida berri bat garatzen ari da. Izan ere, tomatea eta lekak maiz jotzen ditu harrak. Izurri arriskutsua da; are gehiago kontuan hartzen bada intsektizida kimiko berrienekiko erresistentea dela izurri hori.
Helicoverpa armigera sitsa Europan, Ekialde Ertainean, Afrikan eta Ozeanian sakabanaturik dago. Lepidoptero ordenako sits horri 'tomate-zulagailua' ere esaten zaio. Espainian, kotoi-landareari eta artoari eragin dio orain arte, baina, azken hamarkadan, izurri izugarria bilakatzen ari da baratzeetako beste hainbat laborerentzat ere.
Izurriari aurre egiteko intsektizidak badude, baina oraindik ez dago baratzeko laboreetarako berariazko produkturik.
Horixe da, hain zuzen ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile-aldearen helburua, alegia, kontrol-neurri gisa balio dezakeen biointsektizida bat garatzea. Lehenengo fasean, H. armigeraren hainbat anduiren karakterizazio biokimikoa eta biologikoa egingo dute. Ondoren, biointsektizida gisa erabiltzeko ezaugarri biologiko egokienak dituzten anduiak aukeratuko dituzte.
Lehenengo faseak bi urte iraungo du, eta beste bi urteren buruan biointsektizida eskura izatea espero dute.