Tokiko ezaugarri klimatikoek ez dute eraginik izango COVID-19aren pandemiaren lehen olatuan, Princeton Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera. Science aldizkarian argitaratu dute, eta, egileek argi diote hezetasunak eta tenperaturak ez dutela eraginik izan izurriaren hedapenean.
Brasil, Ekuador, Australia eta tropikoko beste herrialde batzuetan birusak izan duen hedapen azkarrak erakutsi du tenperaturak ez duela zerikusi handirik izan, eta, beste birus batzuetan oinarrituta egin dituzten ereduek ere ez dute aurreikusten aldagai klimatikoek izurria motelduko dutenik epe laburrean.
Egileen esanean, ez badago txertaketarik edo beste kontrol-neurri batzukez badira ezartzen, birusaren hedapena ez da urtaroekin aldatuko, ez bada populazioren portaera aldatu egiten dela. Adibidez, porteaera-aldaketek ekar dezakete lehen leku jakin batean bilduta zeuden pertsonak sakabanatzea eta aire librean ibiltzea; horrek birusaren transmisioa zailduko luke. Eta alderantziz.
Zehaztu dutenez, lurralde ez tropikaletan, beste koronabirusak indartu egiten dira neguan. SARS-CoV-2 birusa endemikoa bihurtzen bada, litekeena da gauza bera gertatzea. Baina, bitartean, bi aldagaik baldintzatuko dute bilakaera: batetik, neurri farmakologikoek eta ez-farmakologikoek (urruntze fisikoa, esaterako), eta, bestetik, immunitateak, hau da, zenbat jendek duen immunitatea eta zenbaterainokoa den. Hain zuzen, beste birusetan oinarritutako simulazioetan, immunitate-maila bat lortutakoan bakarrik hasten dira eragina izaten aldagai klimatikoak.
Ikertzaileek aurreatu dute ereduak fintzen jarraituko dutela, lekuan leku egokitzeko. Esaterako, orain arteko emaitzak lortzeko batez ere hiriak hartu dituzte aintzat; beraz, aurrerantzean landa-eremua ere kontuan hartuko dute.