Tiroideko minbizia eta Txernobileko haurrak

Tiroideko minbizia gero eta ugariagoa da Txernobileko zentral nuklearraren inguruetan bizi diren umeen artean. Bielorrusia, Errusia eta Ukraniako Osasun-erakundeek jakitera eman dutenez, tiroideko minbizia da une honetan duten arazorik larrienetarikoa. Zentral nuklearreko erreaktorean leherketa gertatu zenez geroztik, inguru horietan bizi diren umeen artean tiroideko minbizia pairatzen dutenen portzentaia ikaragarri handiagotu da: batezbeste, 10.000 umetatik batek du tiroideko minbizia.

Dakigunez, tiroideak hazieran eta garapenean eragiten du eta metabolismoaren abiadura bizkortu egiten du. Ikerlari askok orain arte ukatu egin badu ere, haurrengan eragin zuzenagoa izan zuen Txernobileko zentral nuklearraren matxurak. Ukraniako eta Errusiako ikerlari-talde batek baieztatu duenez, leherketa gertatu zenean inguruetan bizi ziren haur gehienek tiroideko minbizia dute edo garatuko dute hurrengo urteotan.

Zentralak igorri zuen erradiazioa era askotara hedatu zen eskualde osoan zehar. Aire poluzioak baino kalte handiagoa sorrarazi zuten elikagaiek umeengan, esneak eta barazkiek bereziki. Malformazioak eta atrofia dira Txernobil inguruko belaunaldi berriek jaso duten ondarea.

Tiroideko minbiziari aurre egitea ia ezinezkoa gertatzen da Ukrania eta Bielorrusian. Bertako osasun-zentruetan ez dute erradioterapia egokia eskaintzeko modurik eta Alemaniako ospitaletara bideratzen dira tratamendu hori behar duten umeak. Edonola ere, epe motzerako irtenbidea baino ez da hori eta kanpoko laguntza gehiago beharko dela ohartarazi dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila