Nepalgo Royal Chitwan parke nazionalean lortu dute tigreak ugaritzea. 1996an animaliok babesteko martxan jarritako programa baten emaitza izan da. Tigreak ugaritzearekin batera, ordea, gora egin dute tigreek gizakiei egindako erasoek; programa martxan jarri aurretik gertatzen ziren erasoak halako sei gertatzen dira orain.
Gizakiei egindako erasoek belztu egin dute beste ikuspuntu batetik oso ona den berria. Ordura arte bizi ziren basoen inguruko lursailak tigreen bizilekuaren eta biztanleen arteko trantsiziogune bihurtu zituztenean ugaritu ziren tigreak. Bi urtean hasi ziren tigreak inguru haietaz baliatzen. Inguruko biztanleek, ordea, ustiatu egiten zituzten lur haiek hein batean, eta orduan gertatu ziren erasoak.
Kudeatzaileak arazo hori konpontzeko bideak bilatzen ari dira, bertakoak hasi baitira animaliok ehizatzen eta pozoitzen. Uste dute bi ildotatik landu behar dutela arazoa. Batetik, biztanleei jakinarazi nahi diete zein den tigreen portaera eta zer arrisku ekar diezaiekeen tigreak bizi diren basoetara baliabide bila joateak. Bestetik, tigreei irrati-uhinak igortzen dituzten lepokoak jartzea pentsatu dute, biztanleek une oro jakin dezaten non dauden, eta haien bidetik urrun ibil daitezen.