Tigre kaspiarra, jadanik desagertua, eta siberiarra subespezie berekoak direla frogatu du ikerketa batek. Oxford Unibertsitateko eta Estatu Batuetako Minbiziaren Institutuko ikertzaileek eginiko analisi genetiko batek argitu du kode genetikoko base batek bakarrik ezberdintzen zituela bi subespezieak.
Subespezieak banatzeko irizpideak itxura eta geografia ziren lehen. Horren arabera, biologoek zortzi subespezietan banatu zuten berezko tigreen populazioa. Baina 2004an lehen aldiz DNA-analisiak erabili ondoren, bost subespezie zeudela baieztatu zuten.
Izan ere, tigre kaspiarra subespezie bat zela uste zuten. Beste tigreetatik isolatuta bizi zen, eta 1970ean hil zuten azken alea Turkian. Haien jatorria ikertzeko, 20 tigre-espezimenen ehuna hartu, eta bost gene mitokondrialen zatiak sekuentziatu zituzten. Horrek tigreen hedapenaren irudi bat garatzea ahalbidetu zien. Horrela frogatu zuten bi subespezieak, berez, subespezie bakarra zirela. Ikertzaileek aditzera eman dutenez, 1900eko lehenengo urteetan, kaspiar eta siberiar tigreak elkarrekin bizi ziren, baina, jarraian, ehiztariek bi taldeak isolatu zituzten.
Aurkikuntza honen ondorioz, tigre kaspiarrak berreskuratu ahal izango dira zooetan dauden tigre siberiarren erreserbak erabiliz. Hala eta guztiz ere, desagertutako beste bi subespezie geratzen dira oraindik sailkatzeko: Baliko tigreak eta Javakoak, Indonesian bizi izandakoak biak.