Iazko urriaren 5ean Txinak munduan lurrazpiko saiakuntza nuklearrei buruz zegoen tregua hautsi egin zuen, Tibeten egindako leherketa bat medio.
Garai batean (1949. urtean Txinak konkistatu zuen arte), Txina eta Indiaren tartean dagoen Tibet herri baketsua zen. Orain ordea, 300.000 soldadu eta Txinako misil nuklearren laurdena daude bertan.
Tibet berez oso lurralde zabala da (2,5 milioi kilometro karratu ditu eta Mendebaldeko Europa adina da azaleraz) eta batezbeste 4.500 metroko altitudea du. Munduko gune nuklearizatu garrantzitsuenetakoa den arren, Vienan egoitza duen Energia Nuklearrerako Nazioarteko Agentziak ez du ikuskatzeko baimenik. Beraz, oso zaila da Tibeten zer gertatzen ari den jakitea. Dena den, Quinghai edo Koko lakuaren ondoan “akademia berria” izeneko zientzilari-egoitza detektatu dute. Txinak ikerketa nuklearrak egiteko duen zentru garrantzitsuenetakoa izango da hau eta badirudi Txinak bere lehen bonba atomikoak hortxe lortu dituela.
Hiri atomiko sekretu guztietan bezalaxe, bonba atomikoa lortzean sortzen diren hondakin erradioaktibo guztiak edozein lekutan lurperatuko zituzten, ingurugiroa kutsatuz. “Akademia berria” delakoaren inguruan dena den, ohi ez bezala gaitz eta heriotzak ugari izan dira. Golmud hiritik iparraldera, Quinghai eta Sichuan probintzien artean eta garai bateko Txinako mugan ere arma nuklearrak detektatu dituzte. Hor egon daitezke kontinentearteko misilak.
Alemania, Suitza eta Japoniak Txinarekin elkarrizketak izan dituzte beren hondakin erradioaktiboak har ditzan, eta badirudi hondakin horiek uzteko lekua Tibet izango dela.