Constellation Energy energia-konpainiak Three Mile Islandeko (Pennsylvania, AEB) zentral nuklearra irekiko du berriro, Microsoft hornitzeko. Joan den astean, 20 urteko energia-hornidurarako hitzarmen baten berri eman zuten bi konpainiek. Haren arabera, zentralaren 1. unitatea, 2019an itxi zena berriro irekiko dute; AEBn instalazio nuklear bat berriro irekiko den bigarren aldia izango da.
Three Mile Island ezaguna da, 2. unitateak AEBn izan den istripu nuklear larriena izan zuelako 1979an. Horren ondotik, unitatea itxi zuten , eta aurrerantzean ere hala jarraituko du. Horrelako istripuen ondorioz, energia nuklearrak babesa galdu zuen, baina, azken urteotan, aldeko jarrera indartzen ari da; bereziki, energia berdetzat hartzen delako, ez baitu karbono-isuririk.
Microsoftek ere bere karbono-isuriak murrizteko asmoz jo du energia nuklearraz hornitzera, adimen artifizialeko azpiegiturek energia-eskaera gero eta handiagoa baitute, eta, beraz, Microsoften karbono-aztarna asko handitu baita.
Zehaztu dutenez, Three Mile Islandek 800 MW baino gehiagoko energia eskainiko du. Instalazioa prest dago 2028an linean sartzeko eta 2054ra arte martxan egoteko, gutxienez. Crane Clean Ener izena jarriko diote instalazioari. Erabakiak eztabaida piztu du AEBn, baita handik kanpo ere.
Elhuyarrek garatutako teknologia