Atzo argitaratutako ohar batean, tetrazepam muskulu-lasaigarria duten botikak ez erabiltzeko aholkatu du Europako Sendagaien Agentziak. Izan ere, ohartu dira osagai horrek albo-ondorio larriak eragin ditzakeela, batez ere larruazalean; horregatik, haren ordez beste lasaigarri batzuk erabiltzeko gomendatu dute.
Oharrean zehazten denez, Europako Batasuneko hamahiru herrialdetan saltzen dira tetrazepama duten botikak, tartean, Euskal Herrian. Sendagai arruntak dira, bizkarreko edo lepoko mina arintzeko eta muskulu-espasmoak tratatzeko erabiltzen baitira: Miozepam, Relaxam, Musapam, Myolastan...
Orain, baina, frogatu dute albo-ondorioak sortzeko arriskua handiagoa dela eragiten duten mesedea baino; hortaz, aholku garbia eman dute: sendagileek ez dezatela agindu, eta erabiltzen ari diren pazienteak sendagilearengana joan daitezela eta harekin kontsulta dezatela. Are gehiago, litekeena da Europako Batasunak tetrazepama duten botikak saltzeko baimena bertan behera uztea.
Haisera batean, Frantziako Sendagaien eta Osasun-produktuen Agentziak jo zuen alarma. Hain zuzen, hark agindutako azterketa batean, ikusi zuten tetrazepamak larruazaleko erreakzio larriak eragiten zituela kasu batzuetan. Gainera, albo-ondorioak ezin ziren aurreikusi, eta tratamenduak iraun bitartean zein ondoren ager zitezkeen, dosi normaletan.
Horrekin batera, Europako Sendagaien Agentziak jakinarazi du, tetrazepama bezodiazepina bat bada ere, gainerako benzodiazepinek ez dutela larruazaleko erreakzioak eragiteko gaitasun berdina. Nonbait, egitura desberdina dutelako dago alde hori baten eta besteen artean.