Odoleko testosterona-mailak pertsonen jokabidean eragiten duela frogatu dute Londresko Unibertsitateko ikertzaileek. Zehazki, berekoi jokatzera bultzatzen duela ikusi dute. Ikertzaileen esanean, emaitzak baliagarriak dira “ulertzeko zer eragin duten pertsona menderatzaileek taldeko erabakietan”.
Orain arte, taldeko erabakietan eragina duten mekanismo biologikoak ulertzeko ikerketetan, elkarlana sustatzen duten faktoreei jarri izan zaie arreta. Hala, ikusi dute oxitozina hormonak lankidetzan jarduteko joera areagotzen duela. Orain, testosteronak kontrako eragina duela erakutsi dute.
Horretarako, 17 boluntario-bikote aztertu dituzte, denak emakumeak. Bikoteek proba batzuk egin behar izan zituzten; proba haietan, emaitza hobeak lortzen zituzten elkarlanean arituz gero, eta halaxe jokatu zuten bikote gehienek. Alabaina, erdiei testosterona-injekzio bat eman ondoren, testosterona jasotakoek jokabide berekoia erakutsi zuten, bikotearen kaltetan izan arren.
Ikertzaileek argitu dute ikerketan emakumezkoek bakarrik hartu dutela parte, gizonezkoek berez testosterona-maila altua dutelako, eta, kanpotik emanez gero, gorputzak berezko ekoizpena jaisten duelako. Hori dela eta, gizonezkoei testosterona injektatuta ere, ez da hormonaren maila igotzen odolean. Proceedings of the Royal Society B. aldizkarian argitaratu dute ikerketa.