Pandemiari neurria hartzeko, ezinbestekoak dira testak, jakiteko zenbat kutsatu dauden, nor diren eta non dauden. Orain arte, ezin izan da egin nahi eta behar adina test, besteak beste, ez zegoelako nahikoa baliabide material eta pertsonal. Horri irtenbidea eman nahian, test bat doitu du EAEko zenbait ikerketa-zentrotako ikertzaile-sare batek, eta guztien eskura jarri du garatutako protokoloa. Ugo Mayor Martinez biokimikari eta sarearen koordinatzaileak iragarri duenez, horren bidez, EAEn egunean 10.000 test egiteko gaitasuna dute, merke (15 € inguru bakoitzak), eta Osakidetzan egiten dituztenen espezifikotasun eta sentikortasun berberarekin (orain 1.500 inguru egiten dira).
Dagoeneko Espainako zentro koordinatzaile Carlos III Osasun Institutuak baliozkotu du lankidetzan garatutako test hori; zalantzarik gabe, laguntza handikoa izango da kutsatutakoak detektatzeko. Hain zuzen ere, birusaren genoma (RNA) detektatzen du elkarlanean prestatu duten test horrek. Horretarako, biologia molekularrean ohikoa den teknika bat erabiltzen du: RT-PCR. Miren Basaras Ibarzabal mikrobiologoak azaldu zuen bezala, sentikortasun handia du: pertsona baten hodi nasofaringeotik hartutako laginean birusaren RNA detektatzen badu, pertsona hori infektatuta dagoela esan daiteke. Gainera, zenbateko karga birala duen ere jakin daiteke.
Metodo horrez gain, Basarasek aipatutako beste test-mota bat ere erabiltzen ari dira kutsatutakoak identifikatzeko. Test arinak edo azkarrak deitzen zaie, eta aurrekoek baino askoz ere denbora gutxiago behar dute emaitza emateko: haiek 4-6 ordu behar dituzte; arinek, 10-15 minutu. Horiek dira, esaterako, Nafarroako adineko zentroetako egoiliar guztiei egiten hasi zaizkienak.
Test arina haurdunaldiko probaren antzekoa da, eta birusaren proteina bat (bilgarriaren S proteina) detektatzean datza. Aurrekoan bezala, lagina hodi nasofaringeotik hartzen da. Testak S proteinari lotzen zaion antigenoa dauka (giltza eta sarraila balira bezala), eta proteina detektatzen badu, esan nahi du pertsona horrek birusa izan duela. Horrek ez du esan nahi, ezinbestean, pertsona hori infektatuta dagoela une horretan eta birusa transmititzeko arriskua duela: gerta daiteke gainditu izana infekzioa eta birusak suntsitu izana, baina haien zatiak oraindik gorputzean izatea. Hori detektatzen du test arinak. Ematen duen informazioa, beraz, ez da RT-PCR metodoaren bidez lortzen dena bezain ona, baina bada oso praktikoa.
Azkenik, test serologikoak daude. Hainbat motatakoak daude, baina guztiak infekzioaren aurrean gorputzak sortzen dituen defentsetako mota bat (antigorputzak) detektatzean oinarritzen dira. Pertsonari odol-tanta bat hartzen zaio, eta antigorputzak baldin badaude, esan daiteke pertsona hori infektatuta egon dela, baita sintomarik izan ez badu ere.
Alderdi asko oraindik ezezagunak badira ere, ikertzaileek uste dute antigorputzak dituen pertsona batek denbora baterako immunitatea duela, hori gertatzen baita beste koronabirusekin ere: alegia, behin infekzioa gaindituta, denbora batez ezin dela berriro infektatu. Ez dakite, hala ere, zenbat denbora irauten duen immunitateak eta zein neurritan.
Espainiako Osasun Ministerioak 60.000 test serologiko egingo dituela iragarri du, eskualde guztietan banatuta, bi txandatan, eta 21 eguneko tartearekin. Adrian Hugo Aginagalde Llorente Medikuntza prebentiboan eta Osasun Publikoan adituaren arabera, test-kopuru esanguratsua da, orain arte egin direnak baino askoz ere handiagoa, eta emango dituen datuak oso baliagarriak izango dira pandemiaren neurria ezagutzeko, Zaintza Epidemiologikoak dituen beste informazio-sistemenekin batera (ospitaleratutakoak eta lehen arretakoak; intzidentziarako). Horretarako, baina, denbora beharko da, eta, gainera, aterako duen «argazkia» aldatzen joango da denborarekin.
Elhuyarrek garatutako teknologia