Tenperatura altuko supereroale meheena garatu dute

Tenperatura altuko supereroale meheena garatu dute
2010/01/01 | Elhuyar
Geruzaz geruza sortzen dituzte kobre oxido konplexuzko film supereroaleak. Arg.: BNL.

Film bakar batean tenperatura altuko supereroale meheena garatu dute New Yorkeko Brookhaven laborategiko zenbait fisikarik. Kobre oxido konplexuez eginiko filma da. Eta filma egiteaz gain, ikusi dute haren barruan supereroankortasuna atomo bakarreko planoetan gertatzen dela.

Horren funtzionamendua ulertzeko, geruza isolatzaile bat elkartu diote filmari. Sistema horretan, supereroankortasunaren fenomenoa bi geruzak elkar ukitzen duten interfasean gertatzen da.

Bestalde, ikusi dute eroankortasuna galdu egiten dela film osoan zinka gehitzean. Izan ere, zinkak supereroankortasuna eteten du. Baina zinka isolatzailean bakarrik sartuta ere supereroankortasunari eragiten diola ikusi dute. Nahiz eta interfasetik urruti dagoen plano batean sartu, supereroankortasunaren tenperatura 32 K-etik 18 K-era jaisten da. Beraz, supereroankortasuna plano bakar batean gertatzen da, baina inguruak ere eragiten dio.

1
260
2010
1
006
Fisika
Albisteak
9
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila