Telemedikuntzarako bidean

Azter daiteke, baina ezin da ukitu. Telemedikuntzaren oztoporik handienetakoa izango da. Ez, ordea, bakarra. Telemedikuntza gauzatzeko behar den teknologi maila eskuratuko balitz, akabo medikuarengana joatea. Medikua, izan ere, gaixoa dagoen leku berean egongo litzateke beti.

Errealitate birtualaren hastapenetan oinarritzen da Telemedikuntza. Medikuari urrun dagoen pazientea aztertzeko aukera emango dio, nahiz eta bien artean kontaktu fisikorik ez izan. Teorikoki, medikuak pazientearen diagnostiko fidagarririk egin ahal izango du satelite-bidez. Hau guztia, jakina, teoria da oraindik.

Telemedikuntza ahalbideratuko duen teknologia Georgiako Teknologia Institutuan ikertzen ari da. Pazientearen eta medikuaren arteko banaketa fisikoa gainditzeko teleukimenezko sistema lantzen ari dira eta begiz jotako epeak betetzekotan, aurten bertan aurkeztu ahal izango dute prototipoa. Urrutiko ukitua ahalbideratuko duen sistemak bi informazio-atal nagusi izango ditu: pazientearen azterketa egiteko beharko den sentsore-sistema eta jasotako informazioa medikua dagoen lekura eramango duena.

Georgiako ikerlariak ultrasoinuak erabiltzen ari dira urrutiko ukimenaren sentsazioak jasotzeko. Horren berri igorriko duen informazio-sistema, berriz, errealitate birtualaren bidez lortu nahi da. Pazientearen itxura izango duen panpina sortuko dute eta bertan kokatuko dute gaixoak igorritako informazioa jasoko duen hargailua. Iritsitako inpultso elektrikoak mugimendu bihurtuko dira honen bidez eta medikuak “ikusi” eta aztertu ahal izango ditu pazientearen erreakzioak.

Etorkizunerako irtenbideak eskainiko lituzke telemedikuntza-sistema berriak gauzatzerik lortuko balitz. Prototipoa merkatura egokitzea lortuko balute ere, izugarri garestia izango litzateke sistema berria erabiltzea. Oraingoz, medikuarengana joaten jarraitu beharko dugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila