Teknologia bitxiak espaziorako

NASA espazio-agentziaren Deep Space I misioa 1998. urteko urrian hasi zen eta bere helburua espazio-ontzi berrietan teknologia garatu berriak probatzea da. Misioa New Millenium programakoa da, espazio-bidaiak nabarmen hobetuko dituena, eta zehazki, espazio-ontzi txikiagoak, merkeagoak, seguruagoak eta gizakiarekiko independenteagoak sortzea helburu duena.

Deep Space I misioan orain arte probatu diren teknologiak hauek dira: propultsio-sistema ionikoa, eguzki-panel berriak, komunikabide berriak, eta mikroelektronika eta espazio-ontziaren egituran teknologia berriak. Hauez gain, Autonav izeneko gidatze-sistema automatikoa garatu da, espazio-ontziak gidatzen gizakiaren eragina txikiagoa izan dadin eta ondorioz misio espazialen segurtasuna handiagotzeko asmoz. Berrikuntza garrantzitsuenetako bat motore ionikoarena da, erregai solido edo likidoko motore konbentzionalak baino 10 aldiz eraginkorragoa baita.

Erregai-kopuru berdinarekin askoz propultsio-indar handiagoa lor daiteke motore honi esker. Teknologia berri hauek guztiek jadanik saiakuntza-fasea pasatu dute eta orain produzitzea besterik ez da falta. XXI. mendeko espazio-ontziak, beraz, laster aterako dira espaziora.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila