Tarantularen edertasuna

ESO

Zeruan ikus daitekeen igorpen-nebulosarik handiena da Tarantularena. Hego-hemisferioko zerutik ikusten da eta, 1.000 argi-urte zabal izan arren, ilargi betea baino apur bat txikiagoa ikusten dugu. Magallaes Hodei Handian dago, Esne Bidearen inguruan biraka dabilen galaxia, gugandik 170.000 argi-urtera. Nebulosako hidrogeno eta oxigenoak igorpen bortitza eta ikusgaia dutenez, begiz ere ikus daiteke tarantula-itxurako nebulosa.

Teleskopioarekin aztertzeko ere oso aproposa da, eta Txilen kokatutako ESO teleskopioaren bidez irudi ikusgarriak bildu dituzte. Argi gorria hidrogeno-atomoek igorritakoa da (652.2 nm-tan) eta urdin-berdexka, berriz, hidrogeno atomoena (486.2 nm-tan) eta oxigeno-ioiena (495.7 eta 500.7 nm-tan). Igorpen-nebulosak inguruko izarren erradiazio ultramorea xurgatu eta horrek eragiten duen hidrogenoaren ionizazioaren ondorioz argi ikusgaiezko erradiazioa igortzen duten nebulosak dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila