Tabakoa eta umetoki-lepoko minbizia

Egin berri diren ikerketen arabera, umetoki-lepoko minbizia garatzeko arriskua 2,5 aldiz handiagoa omen da hogei zigarro, batezbeste, egunero erretzen duten emakumeengan. Gainera papilomabirusaz infektaturik dauden emakumeen kasuan, arazoa larriagotu egiten da erretako zigarro-kopuruaren arabera. 10 zigarro baino gehiago erretzen dutenen gaixotzeko probabilitatea 8,4 aldiz handiagoa da eta zigarro-erretzailearen adina 30 urte baino zaharragoa baldin bada, 13,1 aldiz handiagotzen da infekzio-arriskua.

Minbizi-mota honetan tabakoak duen eragina aspaldi sumatu zen, baina inoiz ere ez da frogatzerik izan.

Aurtengo urtarrilean Parisen zenbait medikuk minbizi eta tabakoaren arteko erlazioei buruzko ikerketen berri eman du. Besteak beste Herrero doktoreak azaldutako datuak aztertu nahi ditugu hemen.

Mediku honek hasieran emandako datuak aurkeztu ondoren, zergatia azaldu zuen.

Nikotinaren barneko substantzia aktiboak, kotiminak adibidez, odolak gorputzaren zenbait lekutara eraman eta biltegiratu egiten ditu. Dauden lekutik inmunogabetze-prozesu bati hasiera ematen diote eta hain zuzen Langerthans-en zelula inmunitarioak dira gehien kaltetzen direnak.

Defentsa hauek desagertu ondoren, kartzinomak garatzeko bidea irekita dago.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila