Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste osasun-erakunde askok, aspaldi ohartarazi zuten tabakoa erretzeak areagotu egiten zituela SARS-CoV-2 birusak eragin zitzakeen kalteak. Batez ere, bi alderdi aipatzen zituzten: batetik, norbera infektatzeko eta infekzioa hedatzeko arriskua handitu egiten da zigarroak, bapeatzaileak edo pipak erabiltzean (eskuak ahora eramatea, behin eta berriro) eta besteekin partekatzean; eta, bestetik, infektatuz gero, erretzaileek arrisku handiagoa dute sintoma larriak garatzeko.
Erretzaileak eta ez erretzaileak alderatuz egin diren ikerketek berretsi egin dute birusa kaltegarriagoa dela erretzaileentzat, eta horren zergatiak ere argitzen ari dira. Hala, aholkua garbia da: COVID-19tik neurri batean babesteko, komenigarria da, besteak beste, erretzeari uztea. Zenbait elkartek eta erakundek erretzeari uzteko nikotinaren ordezko tratamenduak eskaini beharko liratekeela ere proposatu dute.
Bestalde, ikergai da ea, erretzean, birusaren transmisioa erraztu egiten ote den, kearen bidez. Galizian, horretan oinarrituta debekatu dute kalean eta terrazetan erretzea, eta orain arte egin diren ikerketek erakusten dute baietz, erretzean areagotu egiten dela birusa transmititzeko arriskua.
Hain zuzen, kea kanporatzeko putz egiten da, eta, kearekin batera, birusak ere hedatzen dira ingurura. Pakistan Journal of Medical Sciences aldizkarian apirilean argitaratutako ikerketa baten arabera, kea botatzean ez ezik, eztul edo doministiku egitean ere hedatzen dira ingurura SARS-CoV-2 birusa duten aerosolak. Horrenbestez, ikertzaileek ondorioztatzen dute erretzea arrisku-faktorea dela, erretzaile aktibo zein pasiboentzat.
Artikulu berean, erretzearen eragina hobeto ezagutzeko ikerketa gehiagoren beharra aldarrikatzen dute, eta, bitartean, zenbait gomendio ematen dituzte, prebentzio gisa: erretzeari uztea edo gutxiago erretzea; higienea; erabilera bakarreko gailuak edo tresnak erabiltzea; erabilitako tresnak eta zigarrokinak kutsatutako materialtzat jotzea; ez erretzaileek erretzaileen inguruan egotea saihestea; eta leku bakarti eta ondo aireztatutakoetan baino ez erretzea.
Elhuyarrek garatutako teknologia