Astronomo arabiarrek eta txinatarrek 1006. eta 1054. urteetan gertatu ziren supernoba distiratsuenen inguruko dokumentu historikoak utzi zituzten. Orain, Japoniako Riken Nishina zentroko zenbait ikertzailek supernoba haien aztarnak aurkitu dituzte, Antartikako izotz-nukleoen lagin batean.
Izotz-laginek atmosferako osagaien inguruko informazioa gordetzen dute. Horri esker, maiz, garai bateko klimari buruzko informazio aproposa ematen dute. Orain arte, maila akademikoan soilik eztabaidatu da gaia: zientzialarien ustez, supernobei buruzko informazioa ere gordetzen da izotz-laginetan. Izan ere, gure galaxiako gertuko supernobetatik eratorritako gamma izpiek inpaktu esanguratsua sortzen dute atmosferan; hain zuzen ere, nitrato-ioien ekoizpena areagotzen dute.
Japoniako ikertzaile-taldeak 2001ean Antartitako Dome Fuji estazioan jasotako izotz-lagin bat aztertu zuen, eta nitrato-ioien (NO3-) kontzentrazio maximoak aurkitu zituzten --1006. eta 1054. urteko supernobei zegozkien--.
Horrez gain, ikertzaile-taldeak nitrogeno oxidoaren mailan 10 urteko aldaketa-zikloak behatu zituen --aldaketa horiek 11 urte irauten duten eguzki-jardueraren zikloek eragindakoak direla uste dute--.