Supernoba batek argitasun-errekorra hautsi du

Supernoba batek argitasun-errekorra hautsi du
2007/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: SDSS, R. Quimby/McDonald Obs./UT-Austin)

Orain arte erregistratutako supernoba distiratsuena ikuskatu dute astronomoek. 2005ap izena darama eta klasifikazioak hausteko jaio dela dirudi. Supernobak, izarren heriotzaren ondorioz sortutako leherketa masiboak, dirdiraren arabera sailkatzen dira. Eta supernoba horrek berak osatzen duen galaxiaren argitasuna eklipsatu du, baita inguruko galaxiena ere.

Fenomeno horren argitasuna azken errekorra lortu zuen supernobarenaren bikoitza izan da. Aurkikuntza Caltech-en egin dute (Kaliforniako teknologia-institutuan). Lortu dituzten datuen arabera, 2005ap supernoba klase berri baten adierazgarri izan daiteke, leherketa ondorengo argitasun-puntu gorena eta ahultzea ohi baino azkarrago gertatu baitira. Izan ere, asteak edota hilabeteak iraun dezaketen fenomenoak izanda, 2005ap supernoba egun gutxiren buruan itzali zen, eta horrek ikertzaileen zalantzak areagotu ditu.

Zalantzak argitzeko, antzeko beste supernoba bat beharko litzateke. Horrenbesteko indarreko aitzindaririk ez dagoenez, ezin dute beste batekin konparatu. Hala ere, hipotesi batek hartu du indar gehien fenomeno hori azaltzeko. Caltech-eko ikertzaileen arabera, leherketa baino lehen izarrak kanpoaldeko materiala askatu zuen, ondorengo izarraren eztandak honen kontra jo zuen, eta, hala, ohikoa den dirdira baino handiagoa sortu zuen.

1
237
2007
12
022
Astronomia
Berriak labur
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila